Áreas de actuación

NOU-Medikuntza Prebentiboa

Medikuntza Prebentiboaren eta Ospitaleko Higienearen Zerbitzuaren jarduera ongi definitutako zazpi arlotan garatzen da:

Jarduketa-eremuak

  • Zaintza epidemiologikoa

    NOUko osasun-laguntzarekin lotutako Infekzioak Zaintzeko, Prebenitzeko eta Kontrolatzeko Sistema egokitu da Osasun Ministerioak Zaintza Sare Nazionalean (RENAVE) estatu mailan eskatutako zehaztapenetara.

    • Barne hartzen ditu prozedura kirurgikoei eta zainketa kritikoko unitateetan/ZIUetan gailu inbaditzaileak erabiltzeari lotutako infekzioen zaintza eta mikroorganismo multierresistenteek, epidemiologikoki garrantzitsuak diren beste mikroorganismo batzuek eta agerraldiek eragindako infekzioen monitorizazioa.
    • Zaintza aktiboa da, pazienteen jarraipena eginez ospitaleratze osoan zehar eta, kasu batzuetan, alta jaso ondoren ere bai.

    Epidemiologikoki garrantzitsuak diren mikroorganismoak detektatzen direnean, Medikuntza Prebentiboak adierazten du ospitaleratze-unitateetan zer bakartze-neurri hartu behar diren infekzio horien transmisioa prebenitzeko eta kontrolatzeko, eta kasu guztiei behar duten jarraipena egiten die.

    Gainera, Osasun Publikoko Institutuari (ISP) jakinarazten zaizkio Nahitaez Aitortu Beharreko Gaixotasunen Zaintza Epidemiologikoko Sistemak jasotako infekzioren baten diagnostikoa edo susmoa duten kasuak, esku hartzeko, hala badagokio.

  • Ingurumen-biosegurtasuna

    Ospitaleko ingurumena infekzioen iturri eta jatorri izan daiteke. Funtsezkoa da hura behar bezala kontrolatzea, instalazio sanitarioak ingurune segurua izan daitezen pazienteentzat, profesionalentzat eta bisitarientzat.

    Helburua da NOUn biosegurtasuna bermatzea, honako hauekin lotuta:

    • Klimatizazioa arrisku handiko eremuetan (bloke kirurgikoak, paziente immunodeprimituak, ingurumen-higiene handia eskatzen duten eremuak, etab.).
    • Ur sanitario bero eta hotzaren sarearen segurtasuna.
    • Sukaldea eta ospitaleko elikadura.
    • Hondakin sanitarioen kudeaketa egokia.
    • Izurriteak prebenitzeko eta kontrolatzeko jarduerak eta intsektuak hiltzekoak.
    • Obra eta erreformetan higiene-neurri orokorren jarraipena eta kontrola egitea.


     

  • Ospitaleko higienea

    Osasun-materialak eta osasun-inguruneko gainazalak behar bezala garbitzea, desinfektatzea eta/edo esterilizatzea funtsezko faktorea da zentroko infekzioak prebenitzeko eta kontrolatzeko.

    Medikuntza Prebentiboaren Zerbitzuaren jardunaren barruan sartzen dira, besteak beste:

    • Produktu antiseptikoak eta desinfektatzaileak aukeratzea.
    • Kirurgiako material eta ekipamendua garbitzeko, desinfektatzeko eta esterilizatzeko arauak eta protokoloak egitea.
    • Prozesu horien eta desinfektatzeko eta esterilizatzeko ekipamenduaren kalitate-kontrola.
    • Instalazio sanitarioen garbiketa kontratatzeko arauak eta pleguak egitea eta berrikustea.
    • Gai horiei buruzko prestakuntza eta aholkularitza.
  • Asistentzia-jarduerak

    Medikuntza Prebentiboaren Zerbitzuaren asistentzia-lana, batez ere, izaten da infekzio batzuen aurrean arrisku handiagoa duten pazienteak edo talde kalteberetakoak direnak immunizatzea/txertatzea. Paziente horiek gure kontsultara NOUko zerbitzu klinikoek bideratzen dituzte.

    Halaber, immunizazioaren arloko aholkularitza ematen die zentroak artatzen dituen eremuetako herritarrei, lehen mailako arretako interkontsulten bidez (ez dira aurrez aurreko kontsultak izaten).

    Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuarekin lankidetzan, parte hartzen du eritasun infektokutsakor batzuk dituzten pazienteen kontaktuak aztertzen, baldin eritasun horietarako beharrezkoak badira lehen eta bigarren mailako prebentzioko neurri bereziak (kimioprofilaxia, etab.).


     

  • Asistentziaren kalitatea eta pazientearen segurtasuna

    Medikuntza Prebentiboaren Zerbitzuaren eginkizunen artean, honako hauek nabarmentzen dira, asistentziaren kalitateari eta pazienteen segurtasunari dagokienez:

    • Ebidentziak eta emaitzak oinarri hartuta, laneko neurriak, prozedurak eta jarraibideak NOUrako nola egokitu baloratzea, eta egokitzapen horiek bultzatzea eta sustatzea, helburu izanik pazienteen segurtasuna hobetzea eta ospitalean infekzioak hartzeko arriskua gutxitzea, bai pazienteen artean, bai profesionalen artean.
    • Lantaldeetan eta batzordeetan parte hartzea eta elkarlanean aritzea, pazienteek eta profesionalek ospitalegunearen kalitateaz duten sentipena hobetzeko, detektatzeko zer alderdi hobetzen ahal diren, eta etengabe ebaluatzeko NOUn diseinatu eta ezarritako praktikak, programak eta plan estrategikoak.


     

  • Irakaskuntza eta ikerketa

    Ikus atal hau: Ezagutzaren kudeaketa

  • Harremanak erakundeekin

    Parte-hartze aktiboa NOUko eta Osasunbideko hainbat lantaldetan eta batzordetan.