Ezagutzaren kudeaketa

NOU-Anatomia Patologikoa

Ezagutzaren kudeaketa

IRAKASKUNTZA ETA IKERKETA

Anatomia Patologikoko zerbitzuko profesionalek mikroskopioan hainbat lagin aztertzen dituzte A egoitzako Seminarioan.

Zerbitzuan zortzi egoiliar trebatzen ari dira bi tutorerekin (tutore bat egoitza bakoitzeko). Osasun laguntzako lana prestakuntzarekin orekatzen da, eta sustatu egiten da biltzarretan aktiboki parte hartu eta artikuluak egin eta argitara daitezen. Hori guztia Zerbitzuaren jardueren memorian jasotzen da, eta memoria hori NOUko zuzendaritzari igortzen zaio urtero.

2021-2022 ikasturtean lehen aldiz eman da Anatomia Patologikoa irakasgaia Nafarroako Unibertsitate Publikoko Medikuntzako Graduan. Irakasgai horren ardura duten Anatomia Patologikoko Zerbitzuko irakasleak María Victoria Zelaya eta Irene Amat Villegas doktoreak dira.

Nafarroako Unibertsitateko hirugarren kurtsoko ikasleak zerbitzura etortzen dira praktikak egitera, Praktika Klinikoa irakasgaian.

Beste espezialitate batzuetako egoiliarrek errotazio-aldiak osatzen dituzte gure zerbitzuan. Zehazki, Digestiboko, Dermatologiako, Onkologiako eta Neurokirurgiako egoiliarrek.

Anatomia Patologikoko Teknikariaren goi mailako gradua ikasten ari direnei ere prestakuntza ematen zaie, zerbitzuan egiten baitituzte beren praktikak.

Zerbitzuak bizkortu, eguneratu eta berritu daitezen, funtsezkoa da ikerketaren arloa, eta ikerketa traslazionala garatzeko zubiak eta elkarlanak egin ditugu entitate eta erakunde askorekin, betiere gure ospitaleak osasun laguntzako zentro gisa duen errealitatean oinarrituta.

Nazio mailako ikerketa taldeetan ikertzen ari gara bularreko minbizia, endometrioko minbizia, koloneko minbizia, minbizi hepatobiliarra, jatorri ezezaguneko minbizia, sarkomak eta abar. Gainera, beste zerbitzu batzuetako ikerlanak egiteko oinarrizko laguntza emanez parte hartzen dugu ikerketan. Atal honetan azpimarratu behar dugu Onkologia Zerbitzuarekin lotura estua dugula, patologoen laguntzaren beharra duten saiakuntza kliniko askotan parte hartzen baitu zerbitzu horrek.

NOUko Anatomia Patologikoko Zerbitzuan doktorego tesiak egitea sustatu izan da, bai zerbitzuko kideen tesiak, bai ospitaleko beste mediku batzuenak, hain zuzen ere NOUko Digestiboko, Neurologiako eta Kirurgia Orokorreko zerbitzuetako kideena.

Azkenik, Nafarroako Osasun Zerbitzuaren Navarrabiomed ikerketa zentro propioa sortu zenetik NOUko Anatomia Patologikoko Zerbitzuak aukera gehiago ditu oinarrizko ikerketan parte hartzeko. Ildo horretan, Patologia Molekularreko Ikerketa Taldean eta beste ikerketa talde batzuetan izan dugun inplikazioari esker, eskualde edo nazio eremuko norgehiagokako deialdien bitartez finantzatutako ikerketa proiektu batzuk abiatu ahal izan dira, edo zerbitzuak proiektu horren garapenean lagundu du. Proiektu horietatik gehienak Nafarroako Osasun Ikerketarako Institutuaren (IdiSNA) esparruan garatzen dira. Institutu hori 2016an sortu zenean mugarri bat ezarri zen Foru Komunitateko ikerketan, erakunde bakarrean elkartu baitziren Navarrabiomed, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa, CIMA (Ikerketa Mediko Aplikatuko Zentroa), Nafarroako Unibertsitatea eta Nafarroako Unibertsitate Publikoa.