Jarduera

NOU-Anatomia Patologikoa

Jarduera

Gure zerbitzuan jasotzen diren lagin guztiak prozesatu egin behar dira mikroskopioan aztertu ahal izateko. Prozesu horren buruan prestakin histologikoa lortzen da hematoxilina-eosinaz / Papanicolau tindaketaz tindatua. Prozesu horretan pertsonek eta makinek parte hartzen dute. Prozesuaren zati handi bat eskuz egiten da.

Fase nagusiak:

  • 1. Harreran, pazientearen datuak eta jasotako lagina datu-basean erregistratzen dira (Gespath). Teknikariek/administrariek egiten dute lan hori. Zeregin hori aldatzen ari da eskaera elektronikoa dela-eta. Behin erregistratuta, lagin bakoitza bere zenbakiarekin lotzen da. Funtsezkoa da trazabilitaterako.
  • 2. Taillaketa: taillaketa da azterketa histologikoa eginen zaion material zatia hautatzea. Zati hori plastikozko kasete batean jartzen da. Lagin txikietan, jasotako material guztia hartzen da, eta lagin handietan hautatu egiten da kasetean jarriko den zatia. Kontuz egin behar da hautapena, azterketa histologikoa kalitate onekoa izan dadin. Taillaketa lana erdi bana egiten dute plantillako medikuek eta BAMEek, eta AFEen zaintzapean aritzen dira, normalean. Endoskopietako laginak eta deskribapenik behar ez duten beste batzuk APTEek sartzen dituzte. Taillaketa mahaiek mugatzen dute arlo honetako lana. Gogoan izan behar da formoletan dauden laginak erabiltzen direla. Beraz, kontrol handiko tokietan manipulatu behar dira, konposatu hori kartzinogenoa delako. Hiru mahai ditugu egoitza bakoitzean.
  • 3. Prozesagailua: tresna honek ehuna prestatzen du, sendotasuna emanez, gero ebaki ahal izateko. Horrelako 2 + 3 aparatu ditugu egoitzako, eta kaseteak prozesatzeko ahalmen mugatua dute. Egoitza bakoitzean 400-600 kasete prozesatzen ahal dira.
  • 4. Parafina blokeak: ehun zatia eskuz ateratzen da kasetetik eta bloke baten gainean jartzen da, ebakitzeko. Lan hori eskuz egiten da, eta orientazio egokia eskatzen du. Teknikariek egiten dute.
  • 5. Ebaketa: lan hau mikrotomo izeneko aparatuetan egiten da. Teknikari bakoitzak 100 bloke ebakitzen ditu egunean. Baditugu 5 + 5 mikrotomo, eta egunean 1.000 bloke ebakitzeko ahalmena dute.
  • 6. Tindaketa: tindaketak karga jarraituko tindagailu automatikoetan egiten dira; oinarrizko teknika egiten dute, hau da, hematoxilina-eosina bidezkoa. Bi tindagailu ditugu egoitza bakoitzean.
  • 7. Gainerako tindaketak teknika berezietarako beste tindagailu batzuetan egiten dira. Immunohistokimikako teknikek aurretiazko prozesu bat eskatzen dute teknika identifikatzeko, eta ekipamendu automatiko konplexuetan egiten dira (4 ekipamendu egoitza bakoitzean).
  • 8. Azterketa histologikoa: fakultatiboek egiten dute. Egoiliarrek lagundu egiten dute, tutoretzapean betiere. Prozesu honetan fakultatiboek ebakidura gehiago edo teknika osagarriak eskatzen ahal dituzte, txostena egiteko.
  • 9. Azterketa molekularra: Azken urteetan minbiziaren alorreko Medikuntza Pertsonalizatuan garrantzi berezia hartu du jomuga terapeutikotzat hartzen diren biomarkatzaileen azterketak, tratamendu onkologiko jakinei nola erantzunen zaien iragartzen laguntzen dutelako. Jomuga terapeutikoei zuzendutako tratamendu horiek eraginkorragoak dira kimioterapiako eta/edo erradioterapiako ohiko tratamenduak baino, bakarrik edo QTrekin/RTrekin batera ematen direnean. Nabarmen hobetzen dute pazienteen biziraupena. U.S. Food and Drug Administration (FDA) agentziak onartutako farmakoak erabiltzen dira, bai eta U.S. National Comprehensive Cancer Network (NCCN) elkartearen gida klinikoetan jasota edo saiakuntza klinikoetako azterketa fasean dauden farmakoak ere. Ehun patologikoan dauden eta tratamendu onkologikoari emanen zaion erantzuna iragartzen ahal duten biomarkatzaileen analisia egiten da gure zerbitzuan, gida klinikoetan egokitzat jotzen diren unetik. Gomendatutako teknikak eta erabilera diagnostikorako balidatutako kitak erabiltzen ditugu.
  • 10. Historia Kliniko Informatizatura iraultzea  sinadura elektronikoaren bitartez, mediku eskatzaileek ikusi ahal izateko.

Zitologien kasuan, tindaketa fasean hasten da prozedura eta hortik aurrera urrats berak egiten dira.

Makroskopia laborategia A egoitzan

Jardueraren datuak

2023. Urtea
  • 87.852 lagin
  • 225.955 kristal
  • 165.986 bloke
  • 44.562 Biopsia
  • 66.838 zitologiako txosten
  • 107 autopsia