Herritarrentzako informazioa

NOU-Arlo Kliniko Kardiologikoa

Herritarrentzako informazioa

Kirurgiako prozedura ohikoenak

  • 1. Azterketa hemodinamikoa / Bihotz-kateterismoa

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/metodos-diagnosticos/cateterismo-cardiaco.

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/tratamientos/stent.

    Helburu diagnostikoak

    • Bihotzeko egiturak eta horien funtzioa ezagutzea, arteria koronarioak barne, kateterrak erabiliz; eta diagnostikatutako patologietako batzuk tratatzea.
    • Funtsean, hauek ahalbidetzen ditu: 
      • Bihotzaren barneko presioak erregistratzea. Oso baliagarria da, batez ere balbuletako lesioak, sortzetiko kardiopatiak, bihotzeko gutxiegitasuna eta biriketako hipertentsioa aztertzeko.
      • Angiografiak (bentrikulugrafiak, koronariografiak, aortografia). Kontrastea sartuta bihotzeko zirkulazioaren mapa egiten da. Arteria koronarioak aztertzeko erabiltzen dira bereziki, buxadurak edo estuguneak bilatu ahal izateko bularraldeko angina edo infartua dagoen kasuetan
      • Bihotzeko biopsia lortzea. Muskulu zati ñimiño bat erauzi ondoren, aztertu egin dezakegu, gaixotasun jakin batzuek erasanda dagoen ikusteko.

     Helburu terapeutikoak

    • Teknika interbentzionisten bitartez zenbait gaixotasun tratatzen ahal ditugu, hala nola:
      • Arteria koronarioetako buxadurak ireki:
      • Arteria zabaldu egiten da mikrobaloi puzgarri batekin (angioplastia), eta milimetro batzuetako diametroa duen malguki bat (stenta) jartzen da arteria barnean, odolari pasatzen uzteko eta arteria berriro estutu ez dadin.
      • Balbuletako gaixotasunak:
      • Bihotzeko kateterismoaren bidez balbula artifizialak ezar daitezke kirurgiaren beharrik gabe (TAVI), balbuletako estuguneak zabaldu (balbuloplastia), edota kanpoko ertzean odol ihesak dituzten balbula artifizialak konpondu (leak peribalbularren itxiera).
      • Sortzetiko kardiopatiak:
      • Bihotzeko sortzetiko komunikazio batzuk ixten ahal ditugu, bihotzeko zenbait barrunbe elkarrekin lotzen dituztenak, gainkarga eraginez; esaterako, aurikula arteko komunikazioak (AAK) edo bentrikulu artekoak (BAK), edo garuneko enbolismo errepikatuekin zerikusia duten komunikazio txikiak (zulo obal iragazkorra).

    Proba anbulatorioa da edo ospitaleratu beharra dago?

    • Prozedura motaren arabera, proba anbulatorioa izan daiteke, anestesia lokalarekin eta Kirurgia Handi Anbulatorioaren Unitatean ordu batzuk emanda egiten dena, esaterako, diagnostikorako bihotzeko kateterismoa; beste batzuetan, balbula aortikoa ezartzen denean, esaterako, Anestesia Zerbitzuak sedazio sakona eman behar du eta egun batzuk egin behar dira ospitalean.
    • Proba egin aurretik, pazienteari informazio gehiago ematen zaio eginen dioten prozedurari buruz, aukera guztiak eta balizko konplikazioak baloratuz, eta nola prestatu behar den eta probaren ondoren nola zaindu behar den azaltzen zaio.

     Prestaketa

    • Proba egin aurretik beti sinatua izan beharko duzu baimen informatuaren agiria. Hor azaltzen zaizkizu balizko konplikazioak. Sinatu aurretik, mediku arduradunak edo erizainak edozein zalantza argitu behar dizute.
    • Proba baino 4 ordu lehenagotik, gutxienez, pazienteak ez du janaririk hartu behar ahotik, eta bi ordu lehenagotik ez du likidorik hartu behar ahotik.
    • Arau orokor gisa, kateterismoa goizez lehenengo eta bigarren eginen zaien pazienteak baraurik egonen dira; hirugarrenak eta laugarrenak likidoak hartzen ahal dituzte, eta bosgarrenak gosaria hartzen ahal du.
    • Goizean garbitasun pertsonala egin behar da (bainua edo dutxa).
    • Kendu azkazal esmaltea eta hortz protesiak.
    • Aldean eramaten ahal dituzu betaurrekoak eta audifonoak.
    • Ezin duzu eraman ez bitxirik ez erlojurik.
  • 2. Azterketa elektrofisiologikoa / Ablazioa

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/tratamientos/ablacion-por-radiofrecuencia.

    Helburu diagnostikoak

    • Azterketa elektrofisiologikoa:
      • Prozedura inbaditzailea da, eta haren bidez bihotzeko eroapen sistema elektrikoaren egoeraren ebaluazioa egin daiteke. Aukera ematen du arritmien diagnostikoa, mota eta larritasuna zehazteko, eta non sortu diren eta zer nahasmendu eragiten dituzten.
      • Barrunbe barneko erregistroak lortu eta bihotzeko atalak elektrikoki estimulatu ahal izateko, kateter batzuk (kable oso meheak) bihotzaren barneraino eraman eta bertan ezarri behar dira. Horretarako zain bat ziztatzen da kontrol erradiologikoaren pean.

    Helburu terapeutikoak

    • Irrati-maiztasun bidezko ablazioa edo krioablazioa
      • Ablazioaren bidez modu mugatu eta kontrolatuan suntsitzen dira bihotzeko ehunaren zati batzuk, takikardiak hasten edo/eta mantentzen diren zatiak.
      • Energia iturri batekin lotutako kateter bat arteria edo zain baten barnetik sartzen da bihotzeko barrunbeetaraino.
      • Prozesua sedazio leunarekin egin ohi da. Prozesuak 2-6 ordu bitarte irauten du, arritmia eragiten duen zonaren kokapenaren eta hura aztertzeko zailtasunaren arabera.

    Proba anbulatorioa da edo ospitaleratu beharra dago?

    • Prozedura motaren arabera, proba anbulatorioa izan daiteke, anestesia lokalarekin eta Kirurgia Handi Anbulatorioaren Unitatean ordu batzuk emanda egiten dena, esaterako, zenbat takikardiaren ablazio sinplea; beste batzuetan Anestesia Zerbitzuak sedazio sakona eman behar du eta 24 ordu egin behar dira ospitalean, esaterako, aurikulako fibrilazioaren ablazioan.
    • Proba egin aurretik, pazienteari informazio gehiago ematen zaio eginen dioten prozedurari buruz, aukera guztiak eta balizko konplikazioak baloratuz, eta nola prestatu behar den eta probaren ondoren nola zaindu behar den azaltzen zaio.

     Prestaketa

    • Proba egin aurretik beti sinatua izan beharko duzu baimen informatuaren agiria. Hor azaltzen zaizkizu balizko konplikazioak. Sinatu aurretik, mediku arduradunak edo erizainak edozein zalantza argitu behar dizute.
    • Goizean, baraurik egon behar duzu, eta ez duzu likidorik hartu behar 2 ordu lehenagotik, gutxienez.
    • Goizean, garbitasun pertsonala egin behar duzu (bainua edo dutxa).
    • Kendu azkazal esmaltea eta hortz protesiak.
    • Gauza pertsonalak gelan utzi behar dituzu.
  • 3. Kardiobertsio elektrikoa

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/tratamientos/cardioversion-electrica

    Fibrilazio aurikularra bihotzeko arritmia bat da. Bihotzeko barrunbeetako bi (aurikulak) ez dira modu erregularrean uzkurtzen eta taupada azkar eta irregularrak eragiten dituzte, batetik, eta beren barnean odolbilduak eta ondorioz enbolia sortzeko arriskua, bestetik.

    Horri aurre egiteko modu bat da arritmia ezabatzea pazientearen bularraldearen gainean deskarga elektriko txiki bat aplikatuz.

    Horren aurretik, pazientea unitate koronariora eramaten dute, D pabiloiko lehen solairura, haren segurtasuna bermatzeko. Minutu batzuez lo eragiten zaio, deskarga elektrikoak minik eman ez diezaion.

    Helburu terapeutikoak

    • Fibrilazio aurikularra duten pazienteei erritmo sinusala eragitea.

    Prozedura anbulatorioa da edo ospitaleratu beharra dago?

    • Prozedura anbulatorioa da, oro har. Prozeduraren ondoren ordu batzuk ematen dira Kirurgia Handi Anbulatorioaren Unitatean.
    • Proba egin aurretik, pazienteari informazio gehiago ematen zaio eginen dioten prozedurari buruz, aukera guztiak eta balizko konplikazioak baloratuz, eta nola prestatu behar den eta probaren ondoren nola zaindu behar den azaltzen zaio.

    Prestaketa

    • Pazienteak goizez baraurik etorri behar du Kirurgia Handi Anbulatorioaren Unitatera.
    • Garbitasun pertsonala (bainua edo dutxa) eginda etorri behar du.
    • Azazkal esmaltea eta hortz protesiak kenduta.
    • Gauza pertsonalak gelan utzi behar ditu.
    • Prozeduraren aurreko hilabetean tratamendu antikoagulatzailea hartzeko aginduko diote. Horrek hil ala biziko garrantzia du prozeduraren konplikazio enbolikoak saihesteko.
  • 4. Esfortzu-proba / Esfortzu-ekokardiograma

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/metodos-diagnosticos/ergometría

    Proba honetan esfortzu fisikoa egiten da zinta gainean korrika, esfortzu-probaren kasuan, edo bizikleta estatikoan, ekokardiogramaren kasuan.

    Esfortzu horren ondorioz bihotz-taupadak azkartu eta arteria-tentsioa igotzen da, eta aztertu egin daiteke nola erantzuten dion bihotzak esfortzu horri.

    Helburu diagnostikoak

    • Esfortzua egiten denean bihotzak bere erritmoa azkartzeko duen gaitasuna baloratzea.
    • Bihotzaren gaitasun funtzionala baloratzea, hau da, zenbat esfortzu egiteko gai den.
    • Bihotz-muskuluan odol-fluxuaren falta identifikatzea.
    • Arritmiak edo esfortzuarekin lotutako beste nahasmendu batzuk identifikatzea.

    Proba anbulatorioa da edo ospitaleratu beharra dago?

    • Proba anbulatorioa da. Guztira 30 bat minutu irauten du, eta amaitutakoan pazienteak berehala alde egin dezake.
    • Zenbaitetan, erizainak esanen dio minutu batzuk egoteko itxarongelan proba amaitutakoan, alde egin baino lehen.
    • Proba egin aurretik pazienteari probari buruzko argibide gehiago emanen zaizkio. 

     Prestaketa

    • Proba egin aurretik beti sinatua izan beharko duzu baimen informatuaren agiria. Hor azaltzen zaizkizu balizko konplikazioak. Sinatu aurretik, mediku arduradunak edo erizainak edozein zalantza argitu behar dizute.
    • Ez duzu baraurik etorri behar.
    • Ez egin otordu handirik proba baino 2 ordu lehenagotik.
    • Arropa erosoa jantzi behar duzu. Oinetako itxiak (txapinak) eta prakak edo galtzontzilloak.
    • Probaren aurretik adierazi erizainari ea bularraldeko anginarik eduki duzun azken 24 orduetan.
  • 5. Toraxean zeharreko ekokardiograma

     

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/metodos-diagnosticos/ecocardiograma 
    Ekokardiografia deritzon teknikak ultrasoinuak baliatzen ditu bihotza aztertzeko.
    Ultrasoinu-sorgailua aparatu txiki batean (zundan) kokatuta dago. Aparatu hori larruazalaren gainean jartzen da, gel eroalea emanda, toraxean zeharreko azterketen kasuan, irudien kalitatea hobetzeko.

     

    Helburu diagnostikoak

    • Bihotzeko elementu guztien anatomia eta funtzioa aztertzea
    • Bihotz-muskulua zenbateko indarrez uzkurtzen den aztertzea
    • Bihotzeko balbulen funtzionamendua aztertzea

    Proba anbulatorioa da edo ospitaleratu beharra dago?

    • Proba anbulatorioa da. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko D pabiloiko beheko solairuan egiten da.
    • Guztira 30 bat minutu irauten du, eta amaitutakoan pazienteak berehala alde egin dezake.
    • Proba egin aurretik pazienteari probari buruzko argibide gehiago emanen zaizkio, hala eskatuz gero. 

     Prestaketa

    • Azterketa honetarako ez da inolako prestaketarik behar
  • 6. Hestegorrian zeharreko ekokardiograma

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/metodos-diagnosticos/ecocardiograma 
     
    Azterketa honen bidez hobeki ikusten ahal dira bihotzeko egitura batzuk, toraxean zeharreko ekokardiogramarekin aztertu ezin direnak.
    Kasu hauetan ultrasoinu-sorgailua pazientearen hestegorrian kokatu behar da.
    Horretarako, zunda ahotik sartzen da hestegorriraino. Zunda horren muturrean dago ultrasoinu-sorgailua.

    Helburu diagnostikoak

    • Toraxean zeharreko ekokardiografian gaizki ikusten diren bihotzeko elementuen anatomia eta funtzioa aztertzea.

    Prestaketa

    • Pazienteak baraurik etorri behar du.
    • Proba egin aurretik, pazienteak hala eskatuz gero, informazio gehiago ematen zaio eginen dioten prozedurari buruz, aukera guztiak eta balizko konplikazioak baloratuz, eta nola prestatu behar den eta probaren ondoren nola zaindu behar den azaltzen zaio.
    • Azterketa honetarako ez da inolako prestaketarik behar.
    • Ahotik emandako anestesiaren eraginak proba amaitu ondoren ere iraun dezakeenez, pazienteak ez du ezer hartu behar ahotik lehenbiziko bi orduetan, eztarrian trabatuta gelditzeko arriskuagatik.

    Proba anbulatorioa da edo ospitaleratu beharra dago?

    • Proba anbulatorioa da. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko D pabiloiko beheko solairuan egiten da.
    • Guztira 30 bat minutu irauten du, eta amaitutakoan pazienteak berehala alde egin dezake.
    • Proba egin aurretik pazienteari probari buruzko argibide gehiago emanen zaizkio, hala eskatuz gero. 
  • 7. Estres farmakologikoko ekokardiograma

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/metodos-diagnosticos/ecocardiograma

    Dena delako arrazoiarengatik pazienteak ezin badu ariketa fisikorik egin bizikletan edo tapiz birakarian, ariketak bezalako eragina duen medikazioa eman behar zaio zain barnetik. Horrela taupadak azkartu eta arteria-tentsioa igotzen da eta bihotzak egoera horri nola erantzuten dion aztertzen ahal da.

    Helburu diagnostikoak

    • Bihotzaren gaitasun funtzionala baloratzea, hau da, zenbat esfortzu egiteko gai den.
    • Bihotz-muskuluan odol-fluxuaren falta identifikatzea, eta hori gertatzen denean bihotzak duen indarra aztertzea.
    • Ariketa egin bitartean bihotzeko balbulek nola funtzionatzen duten baloratzea.

     Proba anbulatorioa da edo ospitaleratu beharra dago?

    • Proba anbulatorioa da. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko D pabiloiko beheko solairuan egiten da.
    • Guztira 45 bat minutu irauten du, eta amaitutakoan pazienteak berehala alde egin dezake.
    • Zenbaitetan, erizainak esanen dio minutu batzuk egoteko itxarongelan proba amaitutakoan, alde egin baino lehen, eman dioten medikazioaren eraginak erabat desagertu arte.
    • Proba egin aurretik pazienteari probari buruzko argibide gehiago emanen zaizkio. 

    Prestaketa

    • Proba egin aurretik beti sinatua izan beharko duzu baimen informatuaren agiria. Hor azaltzen zaizkizu balizko konplikazioak. Sinatu aurretik, mediku arduradunak edo erizainak edozein zalantza argitu behar dizute.
    • Baraurik etorri behar duzu.
    • Probaren aurretik adierazi erizainari ea bularraldeko anginarik eduki duzun azken 24 orduetan. ​​​​​​

  • 8. Holter EKGa

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/metodos-diagnosticos/holter

    Holterra gailu elektroniko txiki bat da, pazientearen elektrokardiograma erregistratzen eta gordetzen duena 24 orduz, gutxienez ere, modu anbulatorioan, etxean (ospitalean egin beharrik gabe).

    Pazienteari bularraldean elektrodo batzuk jartzen zaizkio, telefono mugikor baten tamaina duen aparatu bati konektatuta. Aparatu horrek baterien edo pilen bidez funtzionatzen du. Sorbaldaren gainetik edo gerri inguruan jartzen den uhal batek eusten dio. Bihotzaren jarduera elektrikoa erregistratu behar den denbora (normalean 24-48 ordu) amaitutakoan, gailua ordenagailu batekin konektatzen da, bildutako datu guztiak deskargatu eta prozesatu egiten dira, eta oso informazio baliagarria lortzen da bihotz-maiztasunaz eta erritmoaren balizko alterazioez (arritmiak).

    Batzuetan 21 egunerako jartzen dira grabazio gailuak.

    Beste batzuetan, sintomak oso noizbehinkakoak baina garrantzitsuak direnean, gailu txikiak jartzen dira larruazalaren azpian anestesia lokalarekin (holter ezargarria) eta luzaroan erabiltzen ahal dira, urtebetez ere bai.

    Helburu diagnostikoak

    • Ustez bihotzeko arritmia duten pazienteentzat erabili ohi da.
    • Holterra aldean daraman bitartean (24-48 orduz, kanpoko holterra bada), pazienteak mugarik gabe egiten ahal ditu eguneroko jarduerak. Pazienteak orri bat jasoko du bere datuekin eta grabazioaren hasierako orduarekin, eta gorabeheraren bat sumatzen duenean (palpitazioak, taupada irregularrak, zorabioa, bularraldeko mina, etab.) oharra idatziko du. Horrela, kardiologoak ondoeza gertatu zen uneko elektrokardiogramaren erregistroa aztertzen ahalko du.

    Proba anbulatorioa da edo ospitaleratu beharra dago?

    • 24 orduko edo 21 eguneko holterra modu anbulatorioan jarriko da Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko D pabiloiko beheko solairuan.
    • Minutu batzuk behar dira holterra jartzeko, eta pazienteak biharamunean itzuli behar du (24 orduko holterra jarri badiote) toki berera, aparatua kentzera.
    • Holter ezargarria anestesia lokalarekin jartzen da D pabiloiko lehen solairuan, Elektrofisiologia gelan, eta ondoren pazientea etxera joan daiteke.
  • 9. Bihotzeko erresonantzia

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/metodos-diagnosticos/resonancia-magnetica-cardiaca

    Irudi bidezko teknika ez inbaditzailea da. Iman indartsu batek sortutako eremu magnetikoa baliatzen du, eta ez du erradiaziorik erabiltzen. Gehienetan kontraste magnetikoa sartzen da besoko zain batetik, eta kontraste horrek ez die kalterik egiten giltzurrunei.

    Helburu diagnostikoak

    Probaren bitartez honako hau egin daiteke:

    • Bihotzaren osagaietako bakoitza ikusi, hala hona muskulu-pareten indarra eta anatomia.
    • Infartatutako edo odol-fluxurik gabeko muskulu-zonak detektatu.
    • Balbulen funtzioa aztertu.
    • Aortaren anatomia eta beste kardiopatia konplexu batzuk, sortzetiko kardiopatiak, esaterako, aztertu.

    Proba anbulatorioa da edo ospitaleratu beharra dago?

    • Proba anbulatorioa da. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa - Ako Erradiologia pabiloiko sotoko solairuan egiten da.
    • 45-60 minutu bitarte irauten du, eta amaitutakoan pazienteak berehala alde egin dezake.
    • Proba egin aurretik pazienteari probari buruzko argibide gehiago emanen zaizkio.

    Prestaketa

    • Proba egin aurretik beti sinatua izan beharko duzu baimen informatuaren agiria. Hor azaltzen zaizkizu balizko konplikazioak. Sinatu aurretik, mediku arduradunak edo erizainak edozein zalantza argitu behar dizute.
    • Gainera, probarako balizko kontraindikazioei buruzko formularioa sinatu beharko duzu.
    • Ekipoa dagoen gelara sartu aurretik, aldean daramatzazun elementu magnetiko guztiak kendu beharko dituzu, eta armairuan utzi.

     Proba egitea

    • Proba egin bitartean ekipoak nahiko zarata ateratzen du, baina hori normala da.
    • Erradiologiako teknikariak, entzungailuen bitartez, arnasa hartzeari buruzko aginduak bidaliko dizkizu azterketa egin ahal izateko.
  • 10.- Bihotzeko OTA

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/metodos-diagnosticos/tac-multicorte

    Ordenagailu bidezko ebakidura anitzeko tomografia deritzona erradiologiako teknika bat da, ez inbaditzailea, diagnostikorako erabiltzen dena.

    Kontraste iodatua sartu behar da besoko zain batetik, eta horrela arteria koronarioen bereizmen handiko irudiak lortzen ahal dira. 

    Helburu diagnostikoak

    • Erabilera asko baditu ere, erabilera nagusia da arteria koronarioak ikustea, kaltziorik badagoen ikustea eta arteria horietan buxadurak detektatzea.

    Proba anbulatorioa da edo ospitaleratu beharra dago?

    • Proba anbulatorioa da. Nafarroako Ospitale Unibertsitarioa - Ako Erradiologia pabiloiko sotoko solairuan egiten da.
    • Guztira 20-30 minutu irauten du gelara sartzen denetik hasita, baina irudiak hartzeko 8-12 segundo bitartean soilik behar ditu egun daukagun ekipoak, eta bitarte horretan arnasari eusteko aginduko zaizu.
    • Proba egin ondoren, berehala alde egiten ahalko duzu.
    • Proba egin aurretik pazienteari probari buruzko argibide gehiago emanen zaizkio.

    Prestaketa

    • Proba egin aurretik beti sinatua izan beharko duzu baimen informatuaren agiria. Hor azaltzen zaizkizu balizko konplikazioak. Sinatu aurretik, mediku arduradunak edo erizainak edozein zalantza argitu behar dizute.
    • Proba egiteko, minutuko 70 taupada baino gutxiago izan behar dira. Horregatik, agian medikuak esanen dizu helburu horretarako medikamentu bat hartzeko probaren egunean, eta, behar izanez gero, beste dosi bat emanen dizute gelan bertan, proba hasi baino lehen.
    • Proba baino 6 ordu lehenagotik, gutxienez, baraurik egon beharko duzu.

     Probaren mugak

    Hauek dira probaren muga nagusiak:

    • Pultsu arritmikoak (fibrilazio aurikularraren kasuan, esaterako) proba egitea galarazten du.
    • Bihotz-maiztasunak 70 taupada gainditzea minutuko.
    • Kontraste iodatuari alergia izatea. Prestaketa berezia egin behar da probaren aurretik.
    • Giltzurruneko gutxiegitasuna. Prestaketa berezia egin behar da probaren aurretik.
  • 11. Taupada-markagailua ezartzea / aldatzea

    ttps://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/tratamientos/marcapasos

    Taupada-markagailuak bulkadak bidaltzen ditu bihotzera, erritmo normalari euts diezaion, bihotzak berez ezin badu mantendu erritmo egokia.

    Batzuetan ospitaleko egonaldi batean behin-behineko taupada-markagailuak ezartzen ahal dira egun batzuetan erabiltzeko, baina, oro har, tratamendu iraunkorrerako ezartzen dira gailuak, eta urteen buruan bateria agortzen denean aldatu egiten dira.

    Anestesia lokalarekin ezartzen dira. Klabikularen azpian ebaki txiki bat egiten da, eta zain baten barnetik kable bat edo bi sartzen dira (hiru, birsinkronizazio gailuetan) bihotzaren barnealderaino.

    Helburu terapeutikoak:

    • Badaude zenbait helburu, baina nagusia da bihotz-taupadei erritmo egokian eustea.
    • Gailu berezi batzuk jartzen dira (birsinkronizazio gailuak) bihotzeko pareta guztiak batera uzkur daitezen lortzeko, pazienteak hobera egin dezan.

    Nola bizi taupada-markagailu batekin

    • Erabiltzen ahal dituzu: X izpien aparatuak, telebistaren urruneko kontrolak, telebista-transmisoreak, mikrouhin-labeak, metalen detektagailuak, kuxin elektrikoak, irratizaleentzako irrati aparatuak, bizar-makina elektrikoak eta manta elektrikoak. Autoa gidatu ere egin daiteke, eta sexu-harremanak izan, eta telefono mugikorra erabili (gomendatzen da mugikorra taupada-markagailutik 15 cm urruntzea). Taupada-markagailua dutenak kirolean aritzen ahal dira neurriz, baita igeriketan ere (lagunduta) eta tiroketan (taupada-markagailuaren kontrako aldeko besoak erabili behar du eskopeta).
    • Ezin dituzu erabili: tresna astunak, iman indartsuak dituzten motorrak, zulatzeko makina elektrikoak eta tresna bibratzaileak. Soldatzeko tresnak eta haginlarien aparatuetako batzuk ere ezin dira erabili. Berdin gertatzen da erresonantzia magnetikoko makinekin, minbiziaren tratamendurako erradioterapia makinekin eta lur-konexiorik gabeko makina elektrikoekin. Ez dira asko estutu behar motxila eta bularretakoen tiranteak. Hegazkinez bidaiatzen baduzu, ekipajeen kontrolean ohartarazi behar duzu taupada-markagailua daramazula.
    • Nolanahi ere, gogoratu garrantzitsua dela beti aldean eramatea taupada-markagailuaren eramailearen txartela.

    Proba anbulatorioa da edo ospitaleratu beharra dago?

    • Anestesia lokalarekin egiten den prozedura izan arren, taupada-markagailua lehenbizikoz ezartzen denean pazienteak 24 ordu ematen ditu ospitalean, altaren aurretik gailua berrikusi behar delako.
    • Gailua aldatzeko, aldiz, prozedura anbulatorioa egiten da, ordu batzuk egon ondoren Kirurgia Handi Anbulatorioaren Unitatean (Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko C pabiloiko beheko solairua).

    Prestaketa

    • Programazioaren arabera, nola prestatu azalduko dizute ospitalera joan baino lehen.
  • 12. Aorta-koronarioetako bypass kirurgia edo balbuletako kirurgia

    Bihotzeko Kirurgiaren Espainiako Elkartea:

    https://secce.es/cirugia-y-corazon/
    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/tratamientos/cirugia-de-revascularizacion-coronaria
    Ebakuntza kirurgiko honetan zangoko zainak erabiltzen dira, edo gorputzeko beste atal bateko arteriak, odola desbideratzeko, arteria koronarioetako buxadura baten atzetik. Arteria horiek odol oxigenatua eramaten dute bihotzera.

     Zertarako balio du kirurgia honek?

    Birbaskularizazio koronarioko kirurgiaren bidez (ingelesez, Coronary Artery Bypass Grafting, CABG), odola eramaten da lesio koronarioak agertu eta haztearen ondorioz odol-fluxuaren falta gehien pairatzen duten bihotzeko zonetara.

    Zer kasutan da egokia?

    Gaixotasun koronarioa duten pertsonei arteria koronarioetan kolesterola eta gantza metatu eta plakak sortzen zaizkie (lesioak). Prozesu horri aterosklerosia deitzen zaio (arteriak gogortzea), eta progresiboa da. Plakan material gehiago metatzen bada, arteria koronarioak partez edo erabat buxatzen ahal dira eta, ondorioz, gerta daiteke bihotzak ez jasotzea behar adina oxigeno odolaren bidez. Hala, bularraldeko angina gerta daiteke, edo are miokardioko infartua ere.

    Bbaskularizazio koronarioko kirurgiaren irbitartez odola eramaten da lesio koronarioen atzetik dauden eta, beraz, odol gutxien jasotzen duten zonetara.

    Egokia da pazienteak gaixotasun koronario hedatua duenean (hainbat odol-hodiri erasaten diena) miokardioko infartu akutu baten ostean, larruazalean zeharreko birbaskularizazioa ezinezkoa izanez gero. 

    Nola egiten da?

    Kirurgiaren aurretik, anestesia orokorra jasoko duzu. Lo egonen zara (konorte gabe), eta ez duzu minik sentituko ebakuntzan.

    Behin konorte gabe zaudenean, bihotz-kirurgialariak 20,5 - 25,5 cm bitarteko ebakia eginen du bularraren erdian. Bularrezurra bitan banatzen da irekidura egiteko. Horrela kirurgialariak bihotza eta aorta ikusiko ditu. Aorta da bihotzetik gorputzaren gainerakora doan odol-hodi nagusia.

    Arteria koronarioari (lesioen atzetik) beste arteria edo zain bat josten zaio (deribazio mentua deritzona), arteria subklabiotik edo aortatik ekarrita. Arteria bat baino gehiago badaude buxatuta, odol-hodi gehiago erabiliko dira haiek birbaskularizatzeko (aorta-koronarioetako bypass bikoitz, hirukoitz edo laukoitzaren bidezko birbaskularizazio kirurgia deitzen zaio).

    Deribaziorako mentua sortzeko:

    • Medikuak gorputzeko beste atal batetik zain edo arteria bat hartzen du eta horrekin saihesbide (edo mentu) bat egiten du arterian buxatuta dagoen zonaren inguruan. Medikuak safena deritzon zaina erabil dezake, zangoan dagoena.
    • Zain horretaraino iristeko, ebaki kirurgikoa eginen da zangoaren barnealdean, orkatilaren eta iztaiaren artean. Mentuaren mutur bat arteria koronarioari josiko zaio. Bestea aortan egindako irekigune bati josiko zaio.
    • Barneko bularralde-arteria deritzon toraxeko odol-hodi bat ere erabiltzen ahal da menturako. Arteria horren mutur bat berez aortaren adar batekin konektatuta dago. Beste muturra arteria koronarioari lotzen zaio.
    • Beste arteria batzuk ere erabiltzen ahal dira mentuak egiteko birbaskularizazio kirurgian. Ohikoena arteria erradiala da, eskumuturrean.
    • Medikuak gorputzeko beste atal batetik zain edo arteria bat hartzen du eta horrekin saihesbide (edo mentu) bat egiten du arterian buxatuta dagoen zonaren inguruan. Medikuak safena deritzon zaina erabil dezake, zangoan dagoena.
    • Zain horretaraino iristeko, ebaki kirurgikoa eginen da zangoaren barnealdean, orkatilaren eta iztaiaren artean. Mentuaren mutur bat arteria koronarioari josiko zaio. Bestea aortan egindako irekigune bati josiko zaio.
    • Barneko bularralde-arteria deritzon toraxeko odol-hodi bat ere erabiltzen ahal da menturako. Arteria horren mutur bat berez aortaren adar batekin konektatuta dago. Beste muturra arteria koronarioari lotzen zaio.
    • Beste arteria batzuk ere erabiltzen ahal dira mentuak egiteko birbaskularizazio kirurgian. Ohikoena arteria erradiala da, eskumuturrean.

    Kirurgia bi modutara egin daiteke: 

    • Ponparekin. Gorputzez kanpoko zirkulaziorako ponpa erabiltzen denean, berak ponpatzen du odola bihotzaren ordez. 'Ponparekiko' ohiko kirurgia deitzen zaio horri.
    • Ponparik gabe. Gorputzez kanpoko zirkulaziorako makinarik erabiltzen ez denean, bihotz-taupakako edo 'ponparik gabeko' kirurgia deitzen zaio.

    Ebakuntzan odolbildurik sor ez dadin, odola diluitzen duten farmakoak ematen dira, antikoagulatzaile izenekoak.

    Mentua sortu ondoren bularrezurra alanbre edo kableekin itxiko da. Alanbre horiek gorputzaren barnean geldituko dira. Ebaki kirurgikoa jostura-puntuez itxiko da.

    Ebakuntza honek 3 eta 6 ordu bitarte iraun dezake.

    Nolakoa da susperraldia?

    Ebakuntzaren ondoren, pazienteak zainketa intentsiboen unitatean suspertzen dira, eta handik egun batzuetara solairura aldatzen dira. Asko ebakuntza egunetik 5-7 egunera itzultzen dira etxera. Pazienteak 4-6 aste inguru beharko ditu sendoago sentitu eta ohiko jarduerei berriz ekiteko.

    Zer konplikazio izan dezake ebakuntza honek?

    Konplikazio larriak honako hauek izan daitezke: odola galdu eta berriro ere ebakuntza egin behar izatea, miokardioko infartua, bihotz-hutsegitea, arritmiak, garuneko hodietako istripuak, funtzio kognitiboaren nahasmenduak, biriketako arazoak, infekzioa, giltzurrunetako hutsegitea eta heriotza.

  • 13. Balbulak konpontzeko eta ordezteko kirurgia

    Bihotzeko Kirurgiaren Espainiako Elkartea:

    https://secce.es/cirugia-y-corazon

    https://fundaciondelcorazon.com/informacion-para-pacientes/tratamientos/protesis-valvulares

    Bihotzeko ebakuntza baten bitartez, hondatutako balbularen ordez beste bat jartzen da, biologikoa edo mekanikoa. Jakin zer kasutan egiten den eta zer ezaugarri dituen.

    Zer da protesi balbularra?

    Bihotzeko balbulak gaixotzen direnean bi motatako lesioak sortzen dira: balbula estutzea edo fusionatzea (estenosia), zeinak balbula ireki eta odola igarotzea zailtzen baitu, eta balbularen gutxiegitasuna edo itxiera okerra, odola okerreko norabidean ibilarazten duena. Lesio batzuek (esaterako, estenosi mitralak) goiz eragiten dute itolarria eta nekea, baina beste batzuek (esaterako, estenosi aortikoak) gaixotasunaren fase oso aurreratuetan baino ez dute sintomarik eragiten.

    Balbula baten konponketa kirurgikoan balbula berrosatu egiten da ongi funtziona dezan, edo protesi balbularra jartzen da haren ordez. Kirurgia gomendatzen da pazienteak garrantzizko sintomak dituenean, bere adinerako taxuzko bizimodua egitea eragozten diotenak, edo, sintoma handirik ez izan arren, lesioaren ondorioz epe laburrean hiltzeko arriskua duenean.

    Balbula bat konpondu edo ordezteko ebakuntza kirurgikoan, bularrezurra bitan banatzen da, bihotza geldiarazten da eta odola gorputzetik kanpoko zirkulazio makina batera bideratzen da. Bihotza edo aorta ireki beharra dagoenez, bihotzeko balbuletako kirurgia bihotz irekiko ebakuntza da. Balbularen ordezpena lehendik dagoen balbularen ordez protesi biologiko edo mekaniko bat jartzean datza.

    Zer kasutan ordezten da balbula bat?

    1. Bihotzeko sortzetiko gaixotasunek fetu garaitik balbulen deformazioak eragiten dituztenean.
    2. Sukar erreumatikoak eragindako lesioetan (normalean haurrengan eta gaizki sendatutako anginen ondorioz), lesio horiek gaixotasun mitrala eta aortikoa sortzen baitute (estenosia edo/eta gutxiegitasuna).
    3. Endekapenezko lesioak agertzen direnean zahartzaroan, higaduragatik eta kaltzifikazioagatik. Ezagunena aortaren estenosi kaltzifikatua da, zahartzarokoa; baina balbula mitralaren gutxiegitasuna ere ohikoa da.

    Protesi motak:

    Mekanikoak

    Plastiko, metal eta horrelako materialez egiten dira, eta modelo berrienak karbono pirolitikozko zilindro txiki batez osatzen dira. Karbono pirolitikoa lortzeko, grafitoa karbono atomoez bonbardatzen da oso tenperatura altuetan. Material hori diamantea bezain gogorra da ia. Ez da tronbogenikoa (nekez eragiten ditu odolbilduak edo enboliak), eta 80 urteko funtzionamenduaren ondoren hasten da higadura agertzen. Hala ere, denborarekin, protesi horiek buxatu egiten dira eta pazienteek ahotiko antikoagulatzaileak hartu behar izaten dituzte denbora mugarik gabe. Oro har, 20-30 urte bitarteko balio-bizitza dute.

    Biologikoak

    Animalien edo gizakien ehunez egiten dira. Paziente hauentzat gomendatzen dira: antikoagulatzailerik hartu nahi ez edo arrisku kiroletan aritzen jarraitu nahi dutenak; osasun arazo gehiago (urdaileko ultzera, koagulazioaren gaixotasunak) dituzten edo oso zaharrak direnak; eta haurdun gelditu nahi duten emakumeak (ez dute antikoagulatzailerik hartu behar, fetuaren malformazioen arriskuagatik). Izan ere, protesi horiek enbolia edo tronbosiak sortzeko oso joera txikia dute, baita koagulatzailerik gabe ere.

    Gaur egun hiru motatako protesi biologikoak daude:

    • Txerri baten balbula aortikoaren mentuak, eraztun batean muntatuta.
    • Bihotza estaltzen duen mintzarekin (behiaren perikardioa) egiten direnak; horiek ere eraztun batean muntatzen dira.
    • Giza gorpuetatik ateratako balbula aortikoaren mentuak (homomentuak), zuzenean josten direnak, eraztunik gabe. Azken horiek erabiltzen dira gutxien, zaila delako halakoak lortzea.
    • Protesi biologikoen arazo nagusia iraupen mugatua da, 12-15 urte irauten baitute. Aldi horren buruan aldatu egin behar dira, kaltzifikatu edo urratu egiten direlako. Arrazoi horrengatik, hamar kasutik hirutan bakarrik erabiltzen dira. 

    ¿Zer arazo izaten ahal dituzte balbula protesikoek?

    Arazoak balbularen motaren eta kokalekuaren araberakoak dira. Oro har, balbula mekanikoek arazo gehiago sortzen dituzte biologikoek baino:

    • Odolbilduak sortzea: odolbilduak apurtu egin daitezke eta buxadura eragin (odolaren fluxua geldiarazi) gorputzeko alderen batean; balbularen blokeoak ere eragin ditzakete.
    • Antikoagulazioaren ondoriozko arazoak (odolbilduak sortzea eragozten du): odol-galera handiak gerta daitezke.
    • Balbulak infektatu egin daitezke (endokarditisa): balbularen gainean begetazio txikiak sortu eta balbula apurtu edo blokeatu egin daiteke.
    • Ihesak edo blokeoak gerta daitezke, orbain-ehuna dela eta.
    • Kalte egin diezaieke globulu gorriei (odoleko zelulak), anemia hemolitikoa eraginez (globulu gorriak apurtzea).

    Protesi aortikoak larruazalean zehar ezartzea

    Teknologia berriak garatu dituen bioprotesi batzuk larruazalean zehar ezartzen ahal dira (ziztada eginez izterreko arteria femoralean, kateterismoaren gisara, kirurgiarik gabe), endekapenezko aorta-estenosia duten paziente helduengan, kirurgiak arrisku handia duenean.

    2002. urtean, Cribier eta beste batzuk hasi ziren gizakiengan larruazalean zehar protesi aortikoak ezartzen. Harrezkero, tratamendua oso azkar eboluzionatzen ari da. Gaur egun, larruazalean zehar ezartzeko bi protesi aortiko erabiltzen ari dira: nitinolezkoa (kobaltoaren eta titanioaren aleazioa) eta altzairuzkoa.

    Balbula aortikoak larruazalean zehar ezartzea oso prozedura erakargarria da pazienteentzat. Izan ere, ez dago pazientearen bularraldea ireki beharrik, askotan ez da anestesia osorik ematen (sedazioarekin egiten da) eta pazienteari goiz ematen zaio alta ospitalean.

    Tratamenduaren arriskuak

    • Bihotzeko protesia jaso dutenek kardiologo baten zaintzapean jarraitu behar dute, antikoagulazioa kontrolatzeko, protesian kokatzen ahal diren infekzioak saihestu edo tratatzeko eta protesiaren eta bihotzaren jarraipena egiteko.

    Larruazalean zeharreko ezarpenaren alde txarra prozeduraren zailtasuna da. Beraz, ongi hautatu behar dira prozedura hori eskainiko zaien pazienteak.

Bideo informatiboak

Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko prozesu kirurgikoa