Información a la ciudadanía

NOU-Farmazia

Herritarrendako informazioa

  • KANPOKO PAZIENTEAK

    Sendagai batzuk ez dira farmazia bulegoetan ematen, eta ospitaleko farmazian jaso behar dira, arreta farmazeutiko espezializatua galdegiten baitute: “ospitaleetan erabiltzeko sendagaiak” eta “prezintu-kupoirik gabeko ospitale-diagnostikoko sendagaiak” dira. Medikamentuaren kaxan H edo DHSCP siglekin identifikatzen dira, hurrenez hurren.

    Ezaugarri bereziak dituztelako eta kostu ekonomiko handia dutelako ematen dira ospitaleetan sendagai horiek.

    Nafarroako Ospitale Unibertsitarioko mediku espezialista batek preskribatuko du zure tratamendua, eta ospitaleko farmazialari batek berrikusi eta baliozkotuko du beti. Tratamendu bat baliozkotzeak esan nahi du egiaztatzea medikamentu hori zuretzat eta zure gaixotasunarentzat egokiena dela (medikamentu egokia, dosi egokian, emateko modu egokian, denbora tarte egokiz eta hartzen ari zaren beste medikamentu batzuekiko interakziorik ez dagoela). Baliozkotu ondoren, medikazioa emanen dizugu, ahozko eta idatzizko informazioarekin batera (zertarako balio duen medikamentuak, dosia, hartzeko modua, kontserbatzeko modua, arretak edo ohartarazpenak, interakzioak medikamentu edo elikagaiekin, kontrako erreakzioak eta abar).

    Medikuak zure tratamenduan egiten dituen aldaketa guztiak preskripzio sistema elektronikoan, historia klinikoan edo, halakorik ezean, paperean jaso beharko dira.

    Tratamendua behar baino lehenago eteten bada, itzul iezaguzu, mesedez, soberako medikazioa jatorrizko ontzian. 

    Oro har, hilabeterako edo bi hilabeterako emanen dizugu tratamendua, zure mediku kontsulten maiztasunaren arabera. Horregatik, garrantzitsua da jakinaraztea ea hitzorduren bat laster programatuta duzun ospitalean (kanpoko kontsulta, eguneko ospitalea, odola ateratzea…). Ahal den neurrian, data horretara egokitzen saiatuko gara, ospitalera joan-etorri gehiago egin ez dezazun.

    Jendaurreko ordutegia: astelehenetik ostiralera arte, 09:00etatik 18:00etara. Unitatea ITXITA egonen da larunbat, igande eta jaiegunetan. Egun jakin batzuetan, hala nola Sanferminetan, abenduaren 24an eta 31n, kontsulta arratsaldez itxita egonen da. Zalantzarik izanez gero, jarri gurekin harremanetan aldez aurretik.

    Jendearendako arreta ordutegian zure tratamendua jasotzera joan ezin bazara, jarri gurekin harremanetan, medikazioa prestatu eta beste une batean jaso dezazun.

    Farmazia zerbitzura joaten zarenean, zure osasun txartelarekin edo IFZrekin identifikatu behar duzu zeure burua. Itxarongelan, makina bat ikusiko duzu (ilara kudeatzailea), eta horretan osasun txartelaren barra kodea eskaneatu edo NANa tekleatu beharko duzu. Makinak zu beste inor identifikatzen ez duen kode alfanumeriko bat emanen dizu paper batean. Pantaila baten bidez adieraziko dizugu zer kontsultatan emanen dizugun arreta. Farmazialari batek edo farmaziako teknikari batek artatuko zaitu, tratamenduaren ezaugarrien arabera.

    Zu zeu joan ezin bazara, beste pertsona bat bidaltzen ahal duzu medikazioa jasotzera. Ez ahaztu zeure osasun txartela edo IFZ eman behar diozula.

  • EGUNEKO OSPITALEKO PAZIENTEAK

    Normalean, Eguneko Ospitalera joaten diren pazienteek tratamendu farmakologikoren bat jasoko dute. Tratamendu modalitate horri esker, artatzen zaituen osasun taldeak azterketa eta jarraipena egin ondoren, etxera itzultzen ahalko zara. 

    NOUn eguneko zenbait ospitale daude: paziente heldu nahiz pediatrikoentzat eta zenbait zerbitzu medikotakoak, balio anitzekoak nahiz monografikoak (hala nola Onkologia edo Hematologia zerbitzuetakoak). 

    Eguneko ospitalean, zain barnetik jasoko dituzu, gehienetan, emanen dizkizugun tratamendu farmakologikoak. Dena den, baliteke larruazalpetik, muskulu barnetik edo lainoztatuta ere jasotzea. Egoera horren eta, batez ere, dosifikazio banakatua eta zaintza estua galdegiten duten sendagaiaren ezaugarrien ondorioz, farmazia zerbitzuan prestatzen ditugu medikamentu horiek. Horretarako, mediku arduradunak zure patologiarako eta osasun egoerarako egokiena den tratamendua adierazi eta sistema informatikoaren bidez erregistratu ondoren, farmazialariok beti berrikusiko ditugu agindu mediko horiek, sendagaiaren arloko aditu eta erreferenteak baikara, artatzen zaituzten osasun taldearekin lankidetzan. Zure medikuarekin harremanetan jarrita, baliteke desadostasunak edo egin beharreko doikuntzak detektatzea.

    Oso litekeena da eguneko ospitalera egindako bisitan zure osasun egoera berriz berrikusi behar izatea; horrenbestez, farmazian zure tratamendua behin betiko jasoko duzula baieztatu arte, ez dugu prestatuko. Farmazia zerbitzuan biziki ari gara lanean egiaztapen horren ondorengo itxaronaldia ahalik eta txikiena izan dadin, modu antolatu eta seguruan, betiere. Zure tratamendua jaso dezakezula jakin ondoren, farmazia zerbitzuko erizainek gela garbietan eta teknika aseptikoen bidez prestatuko dute, sendagaiaren kalitatea bermatzeko, eta identifikatuko du, zure segurtasuna bermatzeko.

    Farmazia zerbitzuaren, zerbitzu medikoaren eta zure tratamendu hitzorduaren artean komunikatzeko sistema informatiko integratua dugu, zure tratamenduari ematen zaizkion prozesu guztien trazabilitatea bermatzeko (preskripzioa-berrikuspena-egiaztapena-prestaketa-administrazioa).

  • PAZIENTE OSPITALERATUENDAKO ARGIBIDEAK

    Ospitalizaturik zaudenean, oso litekeena da tratamendu farmakologikoren bat jasotzea.  Zure mediku arduradunak adieraziko dizu zein tratamendu den egokiena zure patologiarako eta osasun-egoerarako, eta sistema informatikoaren bidez erregistratuko du. Farmazialariok, sendagaiaren arloko aditu eta erreferenteak baikara, beti berrikusiko ditugu mediku-agindu horiek, artatzen zaituen osasun taldearekin lankidetzan,. Zure medikuarekin harremanetan jarrita, baliteke desadostasunak edo egin beharreko doikuntzak detektatzea. Azkenik, unean uneko sendagai egokiena helaraziko dizugu, solairuko zure erizainak eman diezazun.

    Farmazia zerbitzuan pertsona anitzek osatutako talde bat ari gara lanean (farmazialariak, teknikariak, laguntzaileak, erizainak, zeladoreak eta administrariak), eta, horri esker, egiten ahal da guztia. Horretarako, farmazialariok tratamendua berrikusi ondoren, solairuetara bidaltzen ditugu sendagaiak egunero. Paziente bakoitzarendako kutxatila banakatuak prestatzen ditugu sistema robotizatu baten laguntzaz, eta haiek orgen bidez bidali. Medikazioa bidali ondoren, tratamenduan aldaketak hautematen baditugu, hori ere helaraziko dizugu.

    Zenbaitetan, baliteke farmazia zerbitzuan bertan prestatu beharreko medikamentu edo prestakin nutrizionalen bat hartu behar izatea. Gehienetan, zain barneko prestakinak izaten dira, eta hala egitea komeni da, dituzten dosifikazio banakatua eta ezaugarriak direla eta. Erizaintzako langile espezializatuek egiten dituzte, teknika aseptiko baten bidez eta ingurune esterilean. Ikusten ahalko duzu prestakin horiek informatikoki identifikatuta daudela, zure izenarekin eta sendagaiaren izenarekin, dosiarekin eta hartzeko bidearekin, arreta segurua eta kalitatezkoa emate aldera.