Ezagutzaren kudeaketa

NOU-Neurokirurgia

Ezagutzaren kudeaketa

IRAKASLANA

Neurokirurgia Zerbitzuaren irakaslanak hiru ildo dauzka: gradu aurreko prestakuntza, gradu ondoko prestakuntza, eta etengabeko prestakuntza, medikuaren jardunean ezinbestekoa dena.

Erizainen etengabeko prestakuntzarako sail bat dago; honek ikastaroak eskaintzen ditu NOUren bidez, eta horrela erizainen gaitasunak hobetzeko prestakuntza sustatzen du eta arretaren kalitatea hobetzen du.

Ezagutza-arlo nagusiak

1. Gradu aurreko irakaskuntza

NOUk Nafarroako Unibertsitateko Medikuntza Fakultateko ikasleak hartzen ditu praktikak egin ditzaten. Neurokirurgia Zerbitzuko medikuak fakultate horri atxikita daude irakasle elkartu gisa.

Horrez gainera, Zerbitzuak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erizaintza Eskolako eta Nafarroako Unibertsitateko ikasleak ere hartzen ditu praktikak egin ditzaten, eta praktiketan ari diren erizainen esku jartzen ditu.

2. Gradu ondoko irakaskuntza. Neurokirurgialari egoiliarren prestakuntza

NOUko Neurokirurgia Zerbitzuak barneko mediku egoiliarrak (BAME) prestatzen jardun du luzaroan, 1984az geroztik, eta arrakasta handiarekin gainera, bai geure espezialitatekoak, bai beste diziplina batzuetakoak, txandaka (neurologia, kirurgia maxilofaziala, traumatologia…), beren prestakuntza gure arloko ezagutzekin osa ditzaten. NOUko Neurokirurgia Zerbitzuak BAME baten prestakuntzaren ardura dauka urtero. Irakaskuntza-tutoreak egoiliarraren lana gainbegiratzen du, txanda bakoitzeko helburuak betetzen dituenez egiaztatzeko; aldiz, prestatzen ari diren espezialisten irakaskuntzan langile guztiek hartzen dute parte.

Egoiliarrentzako informazioa

3. Zerbitzuaren irakaslana.

Diziplina anitzeko batzordeen bitartez (onkologoak, erradiologoak, neurologoak, patologoak, pediatrak, ORL, endokrinologoak, anestesistak, intentsibistak, larrialdietakoak…) tratamendu integrala ematen ahal zaie patologia konplexuenei; hona:

    Garuneko tumoreak (Neuroonkologiako Batzordea eta Onkologia Pediatrikoko Batzordea)
    Garuneko patologia baskularrak, esaterako odoljario subaraknoideoa (Odoljario Subaraknoideoaren Batzordea)
    Garezurraren oinarriko tumoreak (Erradiokirurgia Batzordea)
    Hipofisiko tumoreak eta tumore selarrak (Hipotalamo-hipofisietako Patologien Batzordea)

SAIO KLINIKOAK

Ospitaleko Irakaskuntza Batzordeak ikastaroak antolatzen ditu aldian behin, egoiliarrei prestakuntza komun osagarria eskaintzeko, hau da, Neurokirurgiako prestakuntza programa ofizialean beste espezialitate batzuekin batera duten atalean jasotako prestakuntza.  Gure egoiliarrek nahitaez egin beharreko ikastaroak dira Metodologia eta Ikerketa Klinikoa, Bioetika, Kudeaketa Klinikoa eta Babes Erradiologikoa.

Nahitaezko saio klinikoak ezarri dira Zerbitzuko plantillako mediku eta egoiliar guztientzat, baita beste espezialitate batzuetako errotazioko medikuentzat eta Medikuntza Fakultateko ikasleentzat ere, Zerbitzuan ari badira. Saioak egunero egiten dira, goizean goiz (08:00).

Saio klinikoak ardatz gisa hartzen dira, neurri handian, Zerbitzuko arretari buruzko erabaki kolegiatuak hartzen direnean. Gainera, ezinbesteko mekanismo egituratzaile dira, taldeko kidetasuna, talde lana, erantzukizun partekatua eta kalitate zientifiko eta teknikoaren hobekuntza sustatzen dituen barne batasunerako bide gisa.

  • Guardiako saioa: egunero (08:00etan edo aurretiazko saioaren ondoren). Guardia amaitzen zaien mediku albokoak eta, halakorik bada, egoiliarrak guardiarekin zerikusia duten gorabehera guztiak azaltzen dizkiete plantillako gainerakoei, paziente guztientzako arreta jarraitua bermatzeko.
  • Saio bibliografikoak: astero (ostiraletan, 08:30). Egoiliarrek sakonean aztertzen dituzte espezialitateko literaturan azkenaldian argitaratutako lanak edo beren garrantzi historikoarengatik neurokirurgialari guztiek ezinbestez ezagutu beharrekoak. Hilean behin, espezialitateko aldizkari nagusietan argitaratutako artikulu guztien berrikuspen azkarrago bat egiten da.
  • Kirurgia programatzeko saioa: astero (astearteetan, 08:30). Erabaki gabe edo tratamendu kirurgikoa jaso gabe dauden kasuak aurkezten dira, neurokirurgialariek elkarrekin balora ditzaten, eta ebakuntza-gelarako eguna esleitzen zaie.
  • Neurorradiologia Interbentzionistarekiko saioak: astero (astelehenetan, 08:30). Ospitalean dauden edo astean zehar ospitaleratuko diren patologia baskularreko kasuak aurkezten dira, eta ebaluatu egiten dira haien aurkezpen klinikoa, aurkikuntza erradiologikoak eta tratamendu aukerak.
  • Neuroonkologiako Batzordearen saioak: hamabostean behin (asteazkenetan, 08:30). Garuneko edo bizkarrezur-muineko tumoreen kasuak aurkezten dira: operatu direnak, irudi anatomopatologikoekin, eta erabaki terapeutikoaren zain daudenak, kirurgia eta/edo kimioterapia-erradioterapiako tratamendu onkologikoa aholkatzeko.
  • Hipotalamo-hipofisietako Patologiako Batzordearen saioak (ostegunetan, 08:00) Tratamendua jaso duten edo jaso zain dauden hipofisiko tumoreen kasuak baloratzen dira.
  • Erradiokirurgia Batzordearen saioak: hilero (astelehenetan, 08:00). Erradiokirurgiako tratamendua jaso dezaketen kasuak berrikusten dira.
  • Onkologia Pediatrikoko Batzordearen saioak: beharra sortu ahala, inplikatutako zerbitzuen arteko saioa, Haurren Ospitalean (NOU-B) artatutako kasu nabarmenak baloratzeko.
  • Beste saio batzuk: noizbehinka aldatu egiten da aurreikusitako saioen programa, Zerbitzuaren barneko funtzionamenduaren gorabeherak eta abarrekoak eztabaidatzeko.

ETENGABEKO PRESTAKUNTZA

Zerbitzuak etengabeko prestakuntzako jardueretan parte hartzen du. NOUk berak eta Espainiako Neurokirurgia Elkarteak (SENEC) antolatutako jarduerak dira.

Zerbitzuko fakultatibo eta egoiliar guztiak Espainiako Neurokirurgia Elkarteko kide dira. Zerbitzuko kide batzuek beste zientzia elkarte batzuetan ere parte hartzen dute. Besteak beste, Europako Neurokirurgia Elkartean (EANS) eta Bizkarrezurreko eta Bizkarrezur-muineko Kirurgiaren Espainiako Elkartean.

Gainera, Neurokirurgia Zerbitzuko zenbait kidek SENECeko lantalde hauetan parte hartzen dute: Neurokirurgia Pediatrikoa, Neuroonkologia, Patologia Baskularra eta Patologia Traumatikoa. Lantalde horiek urtero prestakuntza ikastaroak antolatzen dituzte egoiliarrentzat, eta beste zientzia jarduera batzuk ere bai. Zerbitzuko kideek horietan parte hartu ohi dute.

Urtero zenbait erizainek irakasle jarduten dute neurokirurgiarekin lotutako erizaintzako zainketei buruzko saio klinikoetan, unitateko gainerako erizainei prestakuntza emateko eta haien ezagutzak eguneratzeko.

IKERKETA JARDUERA

Zerbitzuaren plantilla osatzen duten 6 espezialistetatik 4k doktorego tesia egin dute. Hainbat zientzia-elkarte, medikuntza-aldizkari eta batzordetako zuzendaritza postuetan parte hartzen dugu. Gainera, Zazpe doktorea Revista Española de Neurocirugía aldizkariaren Batzorde Editorialeko kidea da. Aldizkari hori SENECen argitalpen ofiziala da.

Neuroonkologiaren, neuroanatomiaren eta garuneko tumoreen genetika molekularraren arloetan garatu dira gure ikerketa ildo nagusiak.

ZERBITZUAREN ARGITALPEN ZIENTIFIKOAK

Aldizkari indexatuetan 30etik gora ikerlan argitaratu ditugu, liburuetako kapitulu asko egin ditugu, eta poster eta komunikazio ugari aurkeztu ditugu Estatuko eta nazioarteko biltzarretan.

BILTZAR ETA BILERA ZIENTIFIKOETAN PARTE HARTZEA

NOUko Neurokirurgia Zerbitzuak lan asko aurkezten ditu Espainiako Neurokirurgia Elkartearen (SENEC) urteroko biltzarretan eta SENECeko lantaldeen bileretan. Egoiliarren programaren bidez, prestakuntza jasotzen ari diren gure neurokirurgialariek espezialitateko biltzar nagusietan parte har dezaten sustatzen da, estatu zein eskualde mailan. Zerbitzuko egoiliarren “betebeharra” da urtean ahozko komunikazio eta poster bana aurkeztea, gutxienez, espezialitateko biltzar nazionalean.

Bestalde, Neurokirurgia Zerbitzuak Espainiako Neurokirurgiaren aurrerabidean lagundu du, urtero egiten diren biltzar nazionaletako hiru antolatuz:

  • Portugal eta Espainiako Neurokirurgia Elkartearen IX. Biltzarra, 1994an.
  • Espainiako Neurorrakis Elkartearen XIII. Biltzarra, Iruñean 2013ko martxoaren 14an eta 15ean egina.
  • Espainiako Neurokirurgia Elkartearen XX. Biltzar Nazionala, Iruñean 2015eko maiatzaren 19tik 22ra bitartean egina, goiburu honekin: “Pazientearentzako diziplina anitzeko arreta: Neurokirurgia eta berak neurozientziekin duen lotura”.

Neurokirurgia Zerbitzuak ospe handia du Foru Komunitatean eta bi sari garrantzitsu jaso ditu:

  • Alejandro San Martín Doktorea saria, 2009ko azaroan
  • “Bikaintasuneranzko Konpromisoaren” aintzatespena, kudeaketa aurreratuaren eredua kudeatzeko darabilgun sistemarengatik. Bikaintasunerako Nafarroako Fundazioak eman zigun sari hori, 2017ko azaroan.