Kontsultetarako eta proba Osagarrietarako Harrera

Kontsultetarako eta proba Osagarrietarako Harrera

Kontsultetarako eta proba osagarrietarako harrera kontsultetan emandako arretarekin eta proba osagarriak egitearekin lotutako administrazio-prozesuak kudeatzen ditu. Sarrera eta erreferentziako kontaktua da Oinarrizko osasun-laguntzak eta Arreta espezializatuak eskatutako kontsultak eta probak egitearekin lotutako gai administratiboetarako (ez izaera klinikokoetarako).

NOUk 4 kontsulta-zentro ditu, 3  Iruñean eta bat Tafallan. Bere ospitaleetako instalazioak ere erabiltzen ditu kontsultak eta proba osagarriak egiteko. Gainera, sexu- eta ugalketa-osasunaren arretarako zentroetan (SUOAZ) emandako arretarekin lotutako administrazio-prozesuen arduraduna da.

Harrerako profesionalen zeregin agerikoena da pazienteek egin gabe dituzten kontsultei eta probei hitzordua ematea.

Imagen exterior del Centro de Consultas Externas Príncipe de Viana

Kontsultetarako eta proba osagarrietarako hitzorduari buruzko informazioa

Kontsultetako edo proba osagarrietako hitzordu bat jakinarazteko 3 modu daude: gutun bidez, telefonoz eta sms bidez. Hitzordua jakinaraztean, pertsona zer egun, ordu eta zentrora joan behar den jakinarazten da. Horrela, pertsona zuzenean joan daiteke hitzorduaren tokira kontsultaren edo probaren egunean, lehenago Harreratik igaro gabe.

Gutun edo sms bidezko hitzorduak:

Hitzordua gutun edo sms bidez iristen denean, garrantzitsua da mezu osoa arretaz irakurtzea. Batzuetan, gutunean edo sms-n agertzen den telefonora deitu behar izaten da, joanen dela baieztatzeko edo hitzordua baliogabetzeko.

Gutunean eta sms-n agertzen den telefono-zenbakiak hitzordu horrekin lotutako beste edozein gorabehera jakinarazteko ere balio dezake. Horregatik, komeni da gutuna edo SMSa kontsulta-egunera edo probaren egunera arte gordetzea. Nolanahi ere, norbaitek ez badaki nora jo zalantzaren bat argitzeko edo hitzorduarekin lotutako izapideren bat egiteko, hainbat telefono daude erabilgarri, eta bertan lagunduko diote.

  • NOUn jarraipenean dauden prozesu medikoetarako, NOU-Dko Traumatologia espezialitatearen kargura badira, 848 428029 da erreferentziako telefonoa, 8:00etatik 15:00etara, lanegunetan.
  • Errehabilitazioko espezialitatean, 848 428089 da erreferentziazko telefonoa, 8:00etatik 15:00etara, lanegunetan, jarraipenean dauden prozesu medikoetarako.
  • NOUko gainerako espezialitate medikoetarako, erreferentziako telefonoa hau da: 848 422020, 08:00etatik 20:00etara, lanegunetan.

Telefono bidezko hitzorduak:

Pazienteak hitzordua telefonoz jasotzen duenean, komeni da bere hitzordura arazorik gabe joateko garrantzitsuak diren datuak idaztea: asistentzia mota (kontsulta edo proba), espezialitate medikoa, hitzorduaren data, tokia, kontsulta-zenbakia eta lagungarri gerta dakizkiokeen beste ohar batzuk. Garrantzitsua da ohar horiek kontsulta-egunera edo probaren egunera arte gordetzea. Zalantzarik izanez gero, informazioa berrikusteko aukera ematen dute, eta onarpen-zerbitzuko langileen telefono bidezko arreta errazten dute, pertsonak argibideren bat behar badu.

Nola eskatu hitzordua Vianako Printzea eta San Martin zentroetan analisiak egiteko

848 422020 telefono-zenbakian Vianako Printzea eta San Martin doktorea kontsulta-zentroetan egiten diren analisietarako hitzorduak ere ematen dira. Hitzordua eskatzeko ordutegia 15:00etatik 20:00etara da, lanegunetan.

NOU Dn artatutako pazienteei analisien data ematen zaie zentrotik irten aurretik, baldin eta kirurgia-indikaziorik badute.

Kontsulten eta proben erabilera arduratsua

Pertsona guztiok dugu baliabideak behar bezala erabiltzeko erantzukizuna. Pertsona batek badaki ez dela hitzordu batera joanen, gutunean edo SMSan agertzen den telefonora deitu behar du gutxienez hiru egun lehenago. Denbora-tarte horrek aukera ematen du beste pertsona bat aurkitzeko, bere kontsultara joan ahal izan dadin libre geratzen den tartean.

Pertsona batek kontsultara edo probara huts egiten badu behar besteko denboraz (3 egun) abisatu gabe, eta ezin badu justifikatu zergatik ez den joan, zigorra ezar dakioke, itxaron-zerrendatik aterata. Justifikatutzat jotzen diren arrazoiak  1392/2012 Ebazpenean.

Hitzordu bati uko egin edo huts egin behar ez izateko, aukera dago “ez dago prest” izenpean jartzeko hitzordurik nahi ez duten aldietan. Adibidez: oporraldiak, lan-bidaiak, azterketak. Ez da beharrezkoa izapidea aurrez aurre egitea. Telefonoz egin daiteke.

Izapideak

Harrerako zitazio-puntuetan aurrez aurreko edozein izapidetarako, informazio-eskaera barne, pertsonek beren osasun-identifikazioko txartela edo nortasuna egiaztatzen duen dokumentu bat (NAN, AIZ, pasaportea edo gidabaimena) aurkeztu behar dute. Izapidea telefonoz egiten denean, harrerako profesionalek osasun-identifikazioko txarteleko edo nortasuna egiaztatzen duen dokumentuko datu pertsonalak egiaztatuko dituzte eskura dauden datu-base informatikoekin. Profesionalaren iritziz egoerak hala eskatzen badu, pertsonari eskatzen ahalko zaio aurrez aurreko izapidea egitera joateko.

Egiaztagiriak

NOU-Dn artatutako prozesu medikoetarako osasun-laguntzaren egiaztagiriak kontsulta egin duen espezialitateari dagokion kontrolean eskatzen dira: Traumatologia-kontrola edo errehabilitazio-kontrola.

Gainerako espezialitate medikoetarako, egiaztagiriak kontsultan bertan edo proba egiten den lekuan eskatu behar dira.

Beste aukera bat online da, Osasun Karpeta Pertsonalaren bitartez.