Programazio Kirurgikoaren Unitatea

Programazio Kirurgikoaren Unitatea

Programazio Kirurgikoko Unitateak (PKU) jendeari arreta emateko bi gune ditu: bat  NOU-Aren sarrera nagusian eta bestea NOU-D. Larrialdikoa ez den prozedura kirurgiko bat egiteko agindu klinikoa duten pertsona guztien zerrenda kudeatzen du, NOUko zerbitzu kirurgikoekin koordinatuta.

Prozedura kirurgiko bat kirurgia-gela batean egiten den jarduera kliniko bat da, diagnostiko batera iristeko eta/edo lesio edo gaixotasun bat hobetzeko/konpontzeko egiten dena. Adibidez: ohiko ebakuntza bat, kirurgia handi anbulatorio bat (KHA), anestesia lokalarekin egindako ebakuntza bat.

Larrialdikoa ez den prozedura kirurgiko bat egiteko  agindu klinikoa duten pertsonen zerrenda kudeatzeko eta hitzordua emateko, zerbitzu kirurgikoek eta PKUk hainbat alderdi hartzen dituzte kontuan, hala nola, zerrendako antzinatasuna, medikuak emandako lehentasuna, ospitaleratze mota, une bakoitzean eskuragarri dauden baliabideak... Prozedura kirurgikoa egin ondoren pertsonak ospitaleratuta geratu beharko duela aurreikusten bada, PKU Ospitalizazioko Harrerarekin koordinatzen da, ospitaleratze-ohea bermatzeko.

Prozedura kirurgikoak programatzea

PKUk eta zerbitzu kirurgikoek astero aurreikusten dute zenbat pertsona artatuko diren laster. Pertsona horiei prozedura kirurgikoa egiteko data esleitzen zaienean, telefonoz abisatzen zaie, gutxienez 48/72 ordu lehenago.

Prozedura kirurgikoa noiz eginen den jakinarazteko telefonoz deitzen duten pertsonak kontsultetan, ospitalizazio-solairuetan edo PKUn egon daitezke. Pertsona horiek dira egokienak esku-hartzearen inguruan sor daitezkeen zalantzak konpontzeko eta/edo bideratzeko, behin noiz egin den jakinarazten denean. Horregatik, komeni da gordetzea hitzordua zein telefono-zenbakitik jasotzen den. Hala ere, pertsonek nora jo ez badakite, PKUk erreferentziako telefono-zenbakia eman diezaieke.

NOU-Dn eginen diren prozesu kirurgikoekin lotutako deiak lanegunetan egiten dira, 08:00etatik 15:00etara, 848 428068 eta 848 428094 telefonoetan. Gainerako espezialitate kirurgikoei dagokienez, 848 429828 telefonoan emanen zaie arreta, lanegunetan, 08:00etatik 22:00etara.

Ebakuntza-gelen erabilera arduratsua

Pertsona bati prozedura kirurgiko bat noiz eginen den jakinarazten zaionean, zita atzera bota dezake. Arrazoia araudiak (1392/2012 Ebazpena) justifikatutzat jotzen duenaren barruan badago, behar adina aldiz egin dezake. Arrazoia justifikatu gabekotzat jotzen bada, hitzordua behin baino ezin da baztertu. Bigarren baztertzearekin itxaron-zerrendatik ateratzen da.

Hitzordu bati uko egin beharrik ez izateko, baliteke pertsonak zerrendan “ez dago prest” izenpean jartzea. Zerrendan “ez dago prest” jartzeko, telefonoz deitu behar zaio PKUri, adierazi noiz ez zaion komeni pertsona horri hitzordua ematea, eta azaldu zergatik (oporrak, lan-arrazoiak, azterketak).  Pertsona bat gutxienez 2 aldiz jar daiteke “ez dago prest” izenpean, aldi bakoitzean gehienez 6 hilabetez, ezarrita duen prozedura kirurgiko bakoitzerako.

Egiaztagiriak

PKUk 3 egiaztagiri mota ematen ditu: kirurgiako itxarote-zerrendan sartzekoak (KIZ), prozedura kirurgikoaren programaziokoak eta prozedura kirurgikoaren desprogramaziokoak. Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu  egiaztagiriak.